Herriko plazatik abiatuta, pelotalekuaren osteko zubia zeharkatu, eta aurrez aurre perratokia azaltzen da. Perratokiaren ostetik, gorantz egiten dauan bidezidorretik jarraitzen da, Zeanuriko saihesbidearen gainera urten arte. Ezkerreko norabidea hartu eta San Justorantz zuzentzen dan errepidetik aurrera egiten da, Ortuzar eta Jauregi baserrien ondotik igarotzeko eta, pare bat kilometro aurrerago, Otsemendi auzunearen bihotzera heltzeko: San Justoko hariztira; bertan bolalekua, ermitea, iturria, mahaiak eta karobia azaltzen dira.

Karobiaren ondotik beherantz doan bidezidorra hartuz, 15 bat minutu ibili ondoren, Azkarraga Goikoa baserritik igaro, eta 500 metro aurrerago azaltzen dan bidegurutzean, Orbetzua izeneko baserrien aurrean, ezkerrerantz hartzen da San Lontzo ermitara heltzeko. Errepidea beherantz jarraituz, kilometro eta erdi aurrerago, Zulaibarren, Areatzatik Zeanurira doan errepideagaz topo egiten da. Eskumarantz, Zeanuriko norabidea hartu, eta 300 metro aurrerago, Olabarriko errotea agertzen da. Hemen bisita gidatuak antolatzen dira.

Olabarriko errotatik 300 metro aurrerago abiapuntua, Zeanuriko plaza, dago.