Karea eta bere erabilerak

Jadanik Antzinaroko zibilizazioek erabiltzen zuten karea, adibidez egiptiarrek gorpuak baltsamatzeko erabiltzen zuten. Euskal Herrian, erromatarren garaian eraikuntzan erabiltzen bazen ere, XVII. mendetik aurrera, nekazaritzan erabiltzen hasi zirenean, erabat zabaldu zen.

Kareak erabilera ugari zituen gizarte tradizionalean:

  • Eraikuntzan, lurraz eta uraz nahastuz etxe-paretak eta mota guztietako hormak eraikitzeko morteroa lortzeko, eta uraz bakarrik nahastuz, baserrietako hormak zuritzeko letxeran egiteko.
  • Nekazaritzan, soroetako ongarri bezala eta koko edo harren kontra erabiltzeko.
  • Abeltzaintzan, korten desinfekziorako eta ganaduen apatxetako gaixotasunak sendatzeko.
  • Artean, margolanak egiteko, fresko teknika erabiliz.
  • Larrugintza industrian, animalien larruari haragia kentzeko.
  • Medikuntzan, amigdalitisa, faringitisa eta azaleko gaixotasunak sendatzeko kare urarekin gargarak egitea agintzen zen.
  • Aipagarria da arrautzak kontserbatzeko erabilera.

Horren guztiaren ondorioz, Euskal Herri tradizionaleko geografian nonahi azaltzen ziren karobiak. Baina, XX. mendean zehar, abonu kimiko eta porlanaren produkzio industrialarekin lehiatu ezinik, bertan behera utziak izaten hasi ziren, mendearen erdirantz guztiz desagertu arte.