Gorbeia, Gorbeialdearen bihotza

Gorbeia Parke Naturala

Gorbeialdeari batasuna ematen diona Gorbeia mendizerra da, Araba eta Bizkaiaren artean kokatuta, Kantauri eta Mediterraneoko arroen arteko muga eginez harro eta tinko azaltzen dena. Paisaien edertasuna, bere barruan gordetzen dituen ekosistemen garrantziaren, bertan hazten den flora eta faunaren, eta geomorfologiaren paregabekotasunaren ondorioz, 1994ko ekainaren 21ean, Gorbeialdeko 20.016 hektarea Parke Natural izendatu zituzten.

Itxinako paisaia karstikoa —Eusko Jaurlaritzak babespeko biotopotzat deklaratua—, Saldropoko turbategia, Oderiaga eta Larreakortako esfagnodiek, Bojadiko ezpeldiek, Altubeko pagadi eta hariztiek, Gorbeiagane eta Oderiagako orein-tokiek... erakartasun nabaria dute Parkearen barruan.

Gorbeiako Parke Naturalean flora eta fauna aniztasunak eta historian zehar giza-jardueraren ondorioz sortutako hainbat elementuk ondare ekologiko eta kultural paregabekoa osatzen dute. Hemen, natura eta ohiturak uztartuta bizi dira.