Herriko plazatik abiatuta, pelotalekuaren osteko zubia zeharkatu, eta ezkerrerantz hartuta, lehenengo Altziber eta gero, —500 metro aurrerago—, Errotabarri erroten ingurutik igarotzen da. Errepidea jarraituz, Undurragako urtegiaren presara heltzean, zeharkatu egiten da eta urtegiaren ertzetik, pare bat kilometro aurrerago, Arbina baserria azaltzen da.
Lehen bidegurutzean eskumarantz hartu eta, zubia zeharkatu barik, Ipiñabururantz doan bidea jarraituz, Olabarri baserriaren parean eskumara hartu behar da Ibargutxiko errotara heltzeko. Ibargutxi zaharbarrituta dagoan errotea da eta jabeak bertan dagozanean bisitatu daiteke. Ibargutxitik Lanbreaberantz, izen bereko errotearen ondotik igarotzen da, eta Lanbreabeko zentral hidroelektrikora heltzerakoan, eskuma aldean dagoan zubia zeharkatu eta pista batetik ibiliz, kilometro bat aurrerago azaltzen dan bidegurutzean eskumarantz doan pista hartzen da Aranea baserrira heldu arte.
Hemendik barriro Undurragarantz zuzendu behar da, San Pedro baselizaren ondotik igaroz, eta urtegiaren ingurutik —oraingoan beste aldetik— aurrera Otsemendi auzunera zuzentzeko. Urtegiaren presea atzean itxi, eta 200 metro aurrerago lehenengo bidegurutzean, ezkerreko bidea hartzen da; pare bat kilometro geroago, Ortuzar eta Jauregi baserrietatik igarotzen dan bideari ekiten jako, San Lontzo ermitara zuzentzeko. San Lontzotik beherantz eginez, Axpe eta Zulaibar erroten ondotik igarotzen da. Zulaibarren Areatzarantz zuzentzen dan errepidea jarraitzen da, Karpoko zubira heldu arte; zubia zeharkatu behar da Zeanuriko Asterria kofradian sartzeko; auzune honetan lau erroten ingurutik—Uribiarte, Akauri, Landaburu eta Ibarre— igaro ostean, Andra Mari parrokiarantz jo behar da, Olabarriko errotara ailegatzeko.
Olabarriko errotatik 300 metro aurrerago, abiapuntua, Zeanuriko plazea, dago.